XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Egia esan, ez du gaur goizean ikasia Metxak dabilenari gerta dakiokeelakoa, baina jakinaren gainean egoteak ezin izan du urduritzetik begiratu.

Etxeratutakoan logaldua dago.

Neurriak hartu beharko ditu berak ere.

Bidaia asko egin ditu Anerekin ilobarengana, eta mugan beti erraz pasa badira ere, badaki ongi begiz joak izango zirela.

Gela urdina garbitu beharko.

Auskalo noiztikako paperak ditudan liburu artean gordeak.

Erre egin beharko, edo txikituta komunera bota...

- Egunon, Agirre jauna!

- Egun...

Baina...?

- Zer, logalerik ez?

- Baina...

Nor zarete zuek?

Zer egiten duzue hemen?

Nola sartu zarete nire etxean?

- Atea irekia zegoen eta, gosaltzera gonbidatu nahi zaitugu.

- Irekia?

Ez dut uste.

Plaka bat erakutsi dio bizkietako batek.

Metxak ez dio erreparatu.

Bibote baltzak.

Behako baltzak.

Bizkiak.

Hauek ere ez direla ondarrutarrak.

Hezurbaltzak.

- Ba ez, ez zegoen irekia, baina zeuk ireki diguzu.

- Nik?

- Bai, zuk.

Orain bertan ireki diguzu.

Ez zara oroitzen?

- Ez, hori ez da egia...

- Hara, gezurretan ari naizela esan nahi duzu?

- Utz egiok Txomin, oroimen txarrekoa dugu herritar hau...

- Noski, noski...

Tailerrera eraman beharko dugu oroimena pixka bat zuzentzeko, Mintxo...